XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

EHUko Udako Ikastaroak: Teknologia berrien erabilera eremu urriko hizkuntzak biziberritzeko

Hizkuntza legeak eta merkatu publikoaren erabilera funtsezkoak dira

Luis Fernandez/Donostia

QUEBECEKO Kultura Ministerioko Informazioaren Autobidearen Idazkaritzako burua da Robert Thivierge ministroordea.

Euskal Herrian izan dugu egun hauetan, EHUko udako ikastaroetako mintegi batean parte hartzen, teknologia berrien erabilera eremu urriko hizkuntzak biziberritzeko.

Ezin dugu hori egin.

1975etik, Quebeceko Gobernuak hizkuntza legeak dauzka ezarriak eta horrek asko eragin du frantsesaren erabileran Quebeceko gizartean.

Lege horiek gabe quebectar askorentzat ezinezkoa litzateke frantsesez lan egitea eta zerbitzuak frantsesez eskuratzea.

Hizkuntza legeak izan baino lehenago oso bestelakoa zen egoera.

% 2 besterik ez gara Ipar Amerikan, eta dena merkatuaren indarren menpe utziz gero, hain litzateke gogorra frantsesaren gaineko presioa, non jendeak oso zaila zukeen lanean edo zerbitzuetan frantsesa erabiltzea.

Informazioaren autobideari dagokionez, berdina da.

% 2 gara oraindik ere.

Lan egiten badugu frantsesezko tresnak edukitzeko, bereziki laneko softwarea eta fransesezko edukien presentzia indartzeko, ingelesaren nagusitasuna gaindituko dugu.

Beraz, Quebeceko Gobernuak informazioaren autobideko esparrura eraman ditu hizkuntza legeak.

Onartzen dugu frantses hiztunek eskubidea dutela frantsesez lan egin, bizi, kontsumitu eta zerbitzuak izateko.

Beraz, bitartekoak jarri behar ditugu frantses hiztunen eskubide hori ez dadin gauza abstraktua izan, benetako oinarri material sendo bat izan dezan baizik.

Administrazioak argi dauka nola ekin?

Ez da bakarrik legeen bidez izango.

Merkatu publikoaren erabilera funtsezkoa da.

Gobernuak softwarea erosten duenean frantsesez oso merkatu garrantzitsua da hori, eta produktugileek badakite oso kantitate handien erosle izango dela Gobernua.

Badakite ez dutela merkatu hori lortuko ez badute frantsesezko produkturik eskaintzen.

Beraz, legeak daude, baina Estatuaren jarduna ere hor dago.

Bereziki populazioa txikia bada, produktuentzako merkatu pribatua urria da oso, eta handiagoa da merkatu publikoaren eta Gobernuaren eros-ahalmenaren pisua.

Quebeceko Gobernuak berak, erakundeen beharren bidez, kontsumitzaileen masa kritikoa sortzen du produktuentzat.

Ezin duzu legeen bidea soilik erabili.

Informazioaren autobideko edukiak garatzeari garrantzi handia ematen diozue, ezta?

Zertarako erabiltzen dugu informazioaren autobidea?

Edukiengatik.

Ez beste ezergatik.

Infobidea erabiltzeko arrazoi bakarra edukietara jotzea da.

Ez beste ezer.

Giltzarria zera da, ziurtatzea herritarrek sarbidea dutela, gobernuaren eta sektore pribatuaren zerbitzuetara.

Zerbitzuok ugariak, erakargarriak eta baliagarriak diren heinean erabiliko ditu jendeak bere hizkuntzan.

Eduki interesgarria jarri behar da.

Puntu garrantzitsu bat edukiaren barietatea da.

Kultur edukiak besterik ez badituzu jartzen, kulturan interesa duen jendea lotuko duzu, populazioaren parte bat.

Denetarik jarri behar da.

Zer erabiltzen du jendeak?

Zerk eragiten dio interesa?

Horixe da lehenbizi eskaini behar duzuna.

Gobernua hasi da intereseko zerbitzu horiek hiritarrei eskaintzen?

Giltzarria, niretzat, sarbide publikoa da.

Ezinbestekoa da gehiengoarentzat posible izatea.

Barka, ez gehiengoarentzat, herritar denentzat baizik.

Ez beharbada etxean, ezin duzulako espero jende guztiak ordenadorea erostea, baina bai bederen toki publikoetan: eskoletan, liburutegietan, kultur zentroetan eta horrelakoetan.

Hori funtsezkoa da, zeren eta administrazioaren zerbitzu publikoak jartzen badituzu sarean, herritar guztien esku egon behar dute, eta sarbidea eskaini behar diozu jende guztiari.

Arrakastarako baldintza bat, beraz, informazioaren autobiderako sarrera guztiei bermatzea da.

Hori da baldintzetako bat zure hizkuntzan egongo diren edukiak, zerbitzu publikoak eta zerbitzu pribatuak gehitzeko sarera.

Zure hitzaldian aipatu zenuen: Pays Basque-Quebec, mampecirc;me combat.

Barkatu, baina ezin dut sinetsi.

Bai, mampecirc;me combat esan dezaket, puntu komunak daudelako gure bi egoeretan.

Talde txikia gara eta hizkuntza handi batek inguratuta bizi gara.

Gure kasuan, zazpi milioi lagun, % 2, Ipar Amerika osoan, eta ingelesaren presioa ikaragarria da.

Zuek, Euskal Herrian, 600.000 edo 700.000 hiztun, gutxiengo egoera larri batean.

Badugu zerbait komuna: gure existentziagatik borroka egin behar dugu.

Guk errazago dugu nazioarteko hizkuntza komunitate baten parte garelako.

Hala ere, begira, ni mutikoa nintzenean, 6 edo 7 urterekin, Montrealen, 60ko hamarkadaren hasieran, taxia hartzean, zerbitzu publikoak erabiltzean edo dendara joatean oso ezinezkoa zen zerbitzua frantsesez jasotzea.

Ezin genuen txekerik sinatu frantsesez.

Manifestazioak egin behar izan genituen horretarako.

Militantziaz jokatu.

Egoera hori guztiz aldatu zen, mugimendu nazionalista oso indartsua egon zelako eta, batez ere, diferentzia era askotan markatu duten hizkuntza legeak lortu ditugulako.

Ezin dugu konparatu Euskal Herriko eta Quebeceko egoera, baina badaude berdintasunak.